Berriak
Gaurkotasuna eta Baliabideak
Berriak
Eskerrik asko, Ludoteka! Beste ikasturte zoragarri bati agur esanez
Ikasturtea amaitzear dago, eta Etxebarriko Ludotekan une aproposa da atzera begiratzeko eta azken hilabeteotan elkarrekin bizi izan dugun guztia gogoratzeko. Jarduerez, jolasez, ikasketez, barrez eta emozioz beteriko urtea izan da, eta haurrek esperientzia ugari partekatzeko aukera izan dute ikasturte osoan zehar.
Urrian hasi genuen abentura, elkar ezagutzeko festa batekin eta ilusioz beteriko lehen egunekin. Ordutik aurrera, Ludoteka sormenerako, laguntasunerako eta ikasteko gune bihurtu da. Eskulanak egin ditugu, zientzia esperimentuak probatu ditugu, euskal mitologiaren sekretuak ezagutu ditugu, emozioak landu ditugu eta gure ingurunea zaintzearen garrantziaz hausnartu dugu.
Urtean zehar hainbat egun esanguratsu ospatu ditugu, hala nola Arimen Gaua, Azaroaren 25a, Martxoaren 8a, Korrika, Familien Nazioarteko Eguna edo Jolasaren Nazioarteko Eguna. Ospakizun bakoitza aukera paregabea izan da balioak lantzeko, elkarrekin gozatzeko eta gure herriko bizitzan parte aktiboa izateko.
Baina Ludoteka ez da soilik jardueren egutegi bat izan. Harreman berriak sortzeko lekua ere izan da; haurrek lagunak egin dituzte, elkarri laguntzen ikasi dute eta taldearen parte sentitzeko aukera izan dute. Familiek ere ezinbesteko lekua izan dute bidean: familia-saioetan, irteeretan eta komunitateko ekintzetan parte hartuz, Ludotekaren parte bihurtu dira.
Horregatik, ikasturte amaiera honetan, bihotzez eman nahi dizkiegu eskerrak Ludotekako haur guztiei, egunero ilusioa, jakin-mina eta energia ekarri dituztelako. Eskerrik asko familiei, guregan jarritako konfiantzagatik, bidelagun izateagatik eta ekimen guztietan erakutsitako inplikazioagatik. Eta, noski, eskerrik asko komunitate osoari, haurrei hazteko, ikasteko eta gozatzeko espazioak sortzen laguntzeagatik.
Ikasturte honek oroitzapen eder ugari utzi dizkigu, eta ziur gaude haur bakoitzak bere motxilan eramango dituela bizitako esperientziak, ikasitakoak eta sortutako laguntasunak. Orain atseden hartzeko garaia da, uda gozatzeko garaia.
Eskerrik asko guztioi ikasturte hau hain berezia egiteagatik. Uda zoriontsua izan dezazuela, eta datorren ikasturtean elkar ikusiko dugu berriro, abentura berriei ekiteko prest!
Olatu Morea, bideak aurrera jarraitzen du
Duela egun batzuk Tarrastan Tarrasta Morea proiektuaren azken topaketa egin genuen. Proiektu hau gazteekin berdintasunaren, feminismoaren, errespetuaren eta aniztasunaren balioak lantzeko sortu zen.
Etapa hau amaitu bada ere, bideak aurrera jarraitzen du. Parte-hartzaileek eurek sortu dute Olatu Morea, egindako lanari jarraipena emateko eta datorren ikasturtean Talka programaren barruan garatzen jarraitzeko asmoz sortutako ekimen berria.
Tarrastatik oso harro gaude taldeak prozesu osoan zehar erakutsi duen konpromisoaz, sormenaz eta inplikazioaz. Ilusio handiz ekingo diogu gazteen eskutik hazten jarraituko duen proiektu honen etapa berriari, gero eta berdinzaleagoak, inklusiboagoak eta parte-hartzaileagoak izango diren espazioak eraikitzen jarraituz.
Tratu On Etxebarri-k kanpaina berria abiaraziko du haurren ongizatea eta babesa sustatzeko
Ekimen honen bidez gogorarazi nahi da haurrak eta nerabeak eskubideen subjektu direla, eta, beraz, pertsona helduon betebeharra eta ardura dela haien ongizatea, babesa eta errespetuzko tratu duina bermatzea bizitzako eremu guztietan.
Datozen hilabeteetan zehar, hamabostero “gako” edo mezu berri bat zabalduko da, tratu ona eta babes-kultura indartzeko asmoz.
Tratu On Etxebarri batzordeak, udalerriko gizarte-erakunde, elkarte kultural, kirol-klub eta aisialdiko talderekin elkarlanean, azaroan hasiko den kanpaina berria jarriko du martxan, haurren eta nerabeen tratu onaren eta babesaren garrantziaz sentsibilizatzeko helburuarekin.
Tratu On Etxebarri udalerriko gizarte, kultura eta kirol eragileekin sarean lan egiten duen prozesu komunitarioa da, tratu onaren eta babesaren kultura sustatzeko, hezkuntzatik, bizikidetzatik eta parte-hartzetik abiatuta.
Ekimen hau kokatzen da Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren Aurrean Babesteko Lege Organikoan (LOPIVI) eta Euskadiko Haurren eta Nerabeen Legean (HNL) ezarritako markoan, non zehazten den erakunde, entitate eta herritar guztion betebeharra dela haurrentzako ingurune seguru, babesle eta parte-hartzaileak sortzea.
Ekimen honen bidez gogorarazi nahi da haurrak eta nerabeak eskubideen subjektu direla, eta, beraz, pertsona helduon betebeharra eta ardura dela haien ongizatea, babesa eta errespetuzko tratu duina bermatzea bizitzako eremu guztietan: familian, eskolan, kirolean, aisialdian eta komunitatean.
Datozen hilabeteetan zehar, hamabostero “gako” edo mezu berri bat zabalduko da, tratu ona eta babes-kultura indartzeko asmoz. Mezu horiek bereziki familiei, hezitzaileei, monitoreei eta entrenatzaileei, eta erreferente diren pertsona helduei zuzenduta egongo dira.
Gako bakoitzak eguneroko bizitzako alderdi garrantzitsuak jorratuko ditu, besteak beste:
– Haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea.
– Mugen eta emozioen kudeaketa errespetuzkoa.
– Maitasunean eta enpatian oinarritutako laguntza hezitzailea.
– Desprotektzio-zantzuak antzematea eta jarduteko beharra.
– Komunitate osoaren erantzukidetasuna, haurren eskubideak bermatzeko bidean.
Kanpaina hau ikusgai egongo da udalerriko Mupis edo pantaila digitaletan, eta baita Instagram kontuan: @tratuonetxebarri, non irudi-materialak, hausnarketak eta praktikan jartzeko proposamenak partekatuko diren.
Tratu On Etxebarriko koordinazioaren adierazpena
“Tratu ona ez da mezua soilik, eguneroko praktika bat da. Gogorarazi nahi dugu haurrak zaintzea eta babestea guztion ardura dela: familiak, hezitzaileak, entrenatzaileak, bizilagunak… Keinu bakoitzak balio du, eta kanpaina honek hori du helburu: eguneroko ekintza txikien bidez, haurrak errespetuz, segurtasunez eta maitasunez hazteko duten eskubidea bermatzea” adierazten dute Tratu On Etxebarriko koordinazio taldetik.
Baliabideak eta argitalpenak
Newsletter
Harpidetu zaitez!
Egin bat gure komunitatearekin, eta jaso zuzenean zure sarrerako ontzian gure azken nobedadeak eta askoz gehiago.